XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Clesiak harrizko dorretxo bati erreparatzeko eskatu zidan orduan.

Bi metroko zutabe bat zen, burdinazko kate zintzilikari batzuk arrezife harrian sartuta ageri zituena.

Clesiari ulertu ahal izan nionez, hantxe zigortzen zituzten esklaboak.

Hantxe azotatzen, hantxe lepamozten eta urkatzen.

Hirian ere ba omen zen beste bat, hura baino handiago eta ospetsuagoa, Pelourinho deitzen zutena.

Alde zahar guztiari deitzen diote gaur egunean horrela: Pelourinho, hots, esklaboak astindu eta akabatzeko lekua.

Bero hartan hotzikara sortu zidan harritzar hura hain hurbil edukitzeak.

Ehun urte lehenago han gertatutako izugarrikerietan pentsatze hutsa, gehiegizko ordaina zen, ni bezala, Bahiako Arte Garaikidea ikusteko asmo soilez etorritako turistarentzat.

Burdinazko ate erraldoi bat gurutzatu eta gero sartu egin ginen Museoko areto nagusienean barrura.

Lau gazte zeuden zaindari lanetan, laurak ere bero hartan erdi aspertuta.

Gutaz gain, ez zen han beste bisitaririk ageri.

Lehenik eta behin, zurezko eskailera ikaragarri bati erreparatu genion Clesiak eta biok.

Ondoren, zolu eta sabaiari.

Dena zen han egundoko egurrezkoa.

Europan ez da sekula ikusi halakorik.

Europan ez dagoela Amazonasko oihanik esan zidan harro Clesiak.

Artelan guztiak irentsi egiten zituen zuraren ederrak, ikustezin bihurtzeraino.

Ederra, sendoa eta ugaria zen gainera zura, soberan balego bezala erabilitakoa.

Maratilarik txikiena ere mardula zen han, egur zati bakarrean landua.

Artistek ezin zioten aurre egin, inola, etxetzarraren handitasun ikaragarriari.

Han erakusten ziren artelanek, katedral bateko aulkiek baino garrantzi gutxiago zuten.